XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ai! Zein gauza zoragarria den norberaren borondatez gorputzari izerdia ateraraztea!

Askatasun osoz, haizeari aurpegia emanez, arnasa barru-barruraino sartzen duzularik, erraietatik ateratzen den barne-askatasunaren irrintzia kanporatuz.

Batzuetan begiak ixten ditut eta Hondarribiko hondartzan nabilela amets egiten dut.

Ama eta bi arrebekin egoteko parada izan dut.

Umetxoa zena neskato polita bihurtua, eta neskato zena neskatila ederra egina ikusteak zeharo harritu nau.

Lagun zaharrekin, berriz, denetarik izan dut.

Batzuekin oso ondo egin dut bat; besteekin, berriz, ez.

Erbesteratze-mehatxua

Atseden honek ez du gehiegi iraun.

1972an sartu eta berehala, kanporaketa agindua iritsi zaigu.

Abokatuen iritziz kanporaketa, gehienetan, konfinaketa bihurtzen da.

Hala ere, ez da jipoi makala izan! Geroxeago jakin dugu ETA-V.eko beste bi militante, Vosgoseko departamendura bidali nahi dituztela.

Donibaneko jendarmerian esan digute non konfinatuko gaituzten: Departement du Nord, Belgikako mugan, eta bi hilabeteko epea eman digute gure aferak konpontzeko.

Protestak izan dira Baionan.

Larri samar ibili gara manifestazioan.

Jendarmeek badakite astintzen, eta gutako asko erdi galduta ibili gara kale ezezagun horien artean.

Gainera, ez da batere gozoa ustez herkideak dituzun horiengandik, salbuespenak salbuespen, mutur txarrak ikustea.

Zein begirada zorrotzak botatzen dizkiguten! Ziurrenik, bazter nahasletzat hartzen gaituzte!

Datorrena datorrela. Artean, ekintza talde berezi bat prestatzeari ekin diot.

Ardotxi erori zenetik ez dugu talde hauetako arduradunik, eta Exekutiboak nire esku utzi du lan hori.